Zer helburu dituzte ikasketa horiek?
DBHren helburua da ikasle guztiei kulturaren oinarrizko elementuak helaraztea, haien eskubideak onartzeko eta betebeharrak gauzatzeko prestatzea, eta lan-munduan, lanbide-heziketan edo batxilergoan sartzeko prestatzea.
Zer titulazio jasotzen dute?
Etapa hori gainditzen dutenek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortuko dute. Era berean, ikasturtea ebaluazio negatiboarekin amaitu dutenek ere lortu ahal izango dute titulu hori, baldin eta irakasle-taldeak uste badu horien izaerak eta etapa osoan duten pisuak ez dietela eragotzi etapako oinarrizko gaitasunak eta helburuak lortzea.
Bestalde, 2008tik aurrera ikasketak D ereduan egin eta Euskara eta Euskal Literatura irakasgaia gainditu duten ikasleek B1 titulua aurkeztetik salbuesten dute, hala eskatzen bazaie. Ez dute euskarazko titulazioa lortzen, erakunde publikoetarako prozesuetan sartzeko salbuespena baizik.
Zer aukera daude DBH amaitzean?
A) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua lortzen duten ikasleek honako hauek egin ditzakete:
1- Batxilergoa
Ikasleen prestakuntza orokorra eta unibertsitateko nahiz goi-mailako heziketa-zikloetako ikasketetarako prestakuntza helburu duten bi ikastaro.
2- Erdi-mailako heziketa-zikloak
Iraupen aldakorreko ikastaroak, lanbide-eremuetako berariazko Lanbide Heziketa helburu dutenak.
B) DBH gainditzen ez duten ikasleek honako hauek ikas ditzakete:
Oinarrizko Lanbide Heziketa.
Programa horien bidez, 16 urtetik gorako ikasleei oinarrizko lanbide-heziketa eman nahi zaie, bizitza aktiboan hasteko edo erdi-mailako heziketa-zikloetan ikasten jarraitzeko, sarbide-probak gaindituta. Era berean, Bigarren Hezkuntzako graduatu-titulua lortzeko aukera ematen dute.
Ikasketa planen eta hezkuntza ibilbideen inguruko informazio gehiago eskuragarri dozue gure ikastetxeko webguneko orientazioaren atalean.