Ikaslearen arrakasta akademikoa gauzatzeko oinarria eskolara pozik etortzea da. Ikasleak eskola leku segurua dela sentitzea bermatu behar dugu irakasleok, elkarbizitzaz arduratuta eta konprometituta gaudela eta ikasleekiko jarrera hurbila dugula erakutsiz. Euren berdinekin elkarbizitzeko lehen mailako lekua dugu eskola eta bertan ere ikasi eta praktikatuko dute etorkizunean izango diren pertsonen jarrerak eta balioak. Horregatik, ikastetxerako eragile guztien partehartzea eta konpromisoa ekarriko duen elkarbizitza plan bat adostea, diseinatzea eta abian jartzea dugu lehentasuna. Ikasle bakoitzaren ongizatea da gure ardura, ongizate emozionala barne, eta horretara zuzenduko dugu gure ekintza.
Elkarbizitza positiboa sustatzearen ardura, hezkuntza komunitate osoaren gain dagoen arren, hurrengoak dira gure ikastetxean elkarbizitza positiboa sustatzeko ekimenak antolatu eta bultzatuko duten eragileak:
BAT Taldea (Bizikidetzaren Aldeko Taldea) ikastetxeko bizikidetza positiboa, ikasleen ongizatea eta babesaren alde lan egiten duen erreferentziazko taldea da.
Nortzuk osatzen dute?
Ikastetxeko zuzendariak edo ikasketa-buruak.
Orientatzaileak edo aholkulariak.
Hezkidetza-arduradunak.
Ikasleen Ongizate eta Babeserako Koordinatzaileak, taldearen koordinatzaile gisa.
Zein dira bere eginkizunak?
Ikastetxeko bizikidetza eta ongizatearen inguruko prebentzio-lana koordinatzea.
Eskola-jazarpenaren aurkako protokoloa eta beharrezkoak diren gainerako esku-hartze protokoloak koordinatu eta kudeatzea.
Jazarpen edo bizikidetza-arazoen aurrean detekzioa, balorazioa, esku-hartzea eta jarraipena koordinatzea.
Ikasleen ongizatearekin eta babesarekin lotutako egoeretan jarduerak eta neurriak antolatzea eta jarraipena egitea.
Tutore, irakasle, ikasle eta familiekin koordinatzea, eta behar denean kanpoko laguntza-zerbitzuekin elkarlanean aritzea.
Ikastetxean bizikidetza positiboa, errespetua, hezkidetza eta ingurune segurua sustatzeko prebentzio- eta sentsibilizazio-jarduerak bultzatzea.
Kasuen eta protokoloen dokumentazioa eta jarraipena bermatzea.
Ikasle Laguntzaile Proiektua berdinen arteko laguntza-sistemen barruan kokatzen da, eta ikastetxeko bizikidetza, ikasleen parte-hartzea eta ongizatea hobetzea du helburu. Proiektuaren bidez, ikasleak bizikidetza positiboaren eraikuntzan protagonista bihurtzen dira, betiere irakasleen laguntza eta babesarekin. Ikasle laguntzaileek ikaskideei entzun eta laguntzen diete, ikasle berrien integrazioa errazten dute eta taldeko jardueretan parte hartzen dute. Era berean, gatazkak modu baketsuan konpontzen laguntzen dute eta behar denean irakasleengana jotzen dute.
Proiektuak jazarpen- eta gatazka-egoerak murriztea, ikastetxeko segurtasuna eta bizikidetza hobetzea, eta ikasleen parte-hartzea eta erantzukizun partekatua sustatzea du xede. Ikasle laguntzaileek ez dute zaintza- edo zehapen-funtziorik; haien egitekoa laguntza, entzutea eta bizikidetza positiboa sustatzea da.
Elkarbizitza Behatokia ikastetxeko eta hezkuntza-komunitateko bizikidetzarekin lotutako helburuak eta jarduerak sustatu, garatu eta ebaluatzeko erreferentziazko organoa da. Bere helburua errespetuan eta elkarrizketan oinarritutako bizikidetza sustatzea eta ikastetxeko bizikidetzaren egoeraren ikuspegi globala izatea da.
Horretarako, bizikidetzaren azterketa, balorazioa eta jarraipena egiten ditu, eta prebentzio-jarduerak eta bizikidetza hobetzeko neurriak proposatzen ditu. Behatokiak hezkuntza-komunitateko sektore desberdinen ordezkaritza izan behar du, ikastetxeko bizikidetza positiboa guztion parte-hartze eta konpromisotik eraikitzeko, orokorrean hiru hilabetero batzen delarik.