2026-2027-2028 ikasturteetan Hezi+ programa abian jarriko da, hezkuntza hobetzeko proiektua. Helburu nagusiak ikasleei beren ikaskuntzan aurrera egiten laguntzea, desberdintasunak murriztea eta hezkuntza-errefortzuaren eta ohiko eskolak osatzen dituzten jardueren bidez aukerak zabaltzea dira.
Arduraduna: Jose Iriondo.
Lehen hiruhilekoan hizkuntzen eta matematikaren errefortzua, euskarazko eta ingelesezko ziurtagiriak lortzeko prestaketa eta Bidelaguna programaren bidezko hezkuntza-laguntza eskainiko ditugu.
Jarraian, modalitate desberdinak azalduko dizkizuegu.
HE-INDARTUZ · Ikaskuntzak indartzeko laguntza
He-Indartuz programaren helburua ikasleek ikasteko dituzten zailtasunak lantzen eta oinarrizko ezagutzak sendotzen laguntzea da.
Hizkuntzen errefortzua — astelehenetan, 14:45etik 16:45era
DBHko 1. mailatik 4. mailara bitarteko ikasleei ingelesaren, euskararen eta gaztelaniaren errefortzu-saioak eskainiko zaizkie. Ulermena eta adierazmena landuko dira, hizkuntzak autonomia eta konfiantza handiagoz erabil ditzaten.
Matematikaren errefortzua — asteazkenetan, 14:45etik 16:45era
Oinarrizko matematika-ezagutzak sendotzeko eta ikasteko zailtasunak lantzeko laguntza eskainiko da. Saioetan arrazoibidea, kalkulua eta problemak ebazteko gaitasuna indartuko da, ikasleei matematikako zereginei segurtasun eta autonomia handiagoz aurre egiten laguntzeko helburuz.
Bi jarduerak irakasgai horietakoren bat gainditu gabe edo pendiente duten ikasleei zuzenduta daude; hauentzat izen-ematea nahitaezkoa izango da. Halaber, irakasgai horiek borondatez indartu nahi dituzten ikasleek ere parte hartu ahal izango dute.
HE-HOBETUZ · Hizkuntzak ikasteko aukera gehiago
He-Hobetuz programak ikasteko aukerak zabaltzen ditu jarduera osagarri eta eskolaz kanpokoen bidez. Hizkuntzen arloan, honako proposamen hauek eskainiko ditugu:
Euskara: B2 edo C1 prestaketa — astearteetan, 14:45etik 16:45era
Euskarako B2 edo C1 mailako egiaztapen-probetarako prestaketa eskainiko da, ikasle bakoitzaren abiapuntuko maila kontuan hartuta. Ahozko eta idatzizko ulermena eta adierazpena landuko dira, euskaraz komunikatzeko gaitasuna indartzeko. Prestaketa HABEren edo Hizkuntza Eskola Ofizialaren probetara bideratuko da.
Ingelesa: B2.2 edo C1 prestaketa — asteazkenetan, 14:45etik 16:45era
Hizkuntza Eskola Ofizialeko ingeleseko B2 edo C1 mailako proba ofizialetarako prestaketa eskainiko da, ikasle bakoitzaren mailaren arabera. B2 maila prestatzeko, B2.2 ikastaroa hartuko da oinarritzat; ziurtagiri ofiziala B2 mailari dagokiolarik. Ahozko eta idatzizko ulermena eta adierazpena ere landuko dira, ingelesezko komunikazioa hobetzeko eta ikasleei probak prestatzen laguntzeko.
Jarduera hauetan parte hartzeak ez du ziurtagiria lortuko duela bermatzen, eta ez du esan nahi azterketetan automatikoki izena emanda dagoenik. Proba ofizialetara aurkezteko, dagokion deialdiko baldintzak bete beharko dira, adinari dagozkionak barne.